Euskara izango da ‘Astigarraga 2026’ aldizkariaren ardatz nagusia

Euskara izango da Astigarraga 2026 aldizkariaren ardatz nagusia

Astigarraga aldizkariak euskarari eskaini dio aurten atala nagusia. Aldizkariaren arduradunek adierazi dutenez, aspaldidanik zuten asmoa gai hau lehen plangintzan jartzeko, eta aurtengo edizioa egokiena iruditu zaie urrats hori egiteko.

Euskara geurea izenburupean, aldizkariak euskararen inguruko hausnarketa zabal bat jaso du. Editoreen hitzetan, azken urteetan euskararen erabileraren beherakada, hizkuntzaren aurkako oldarraldiak eta arnasguneen galera bezalako kezkak agertu dira; aldi berean, pizkundea, biziberritzea eta herritarren aktibazioa sustatzen dituzten dinamikak ere indartu dira. Horren aurrean, “esnatzea” dela beren hautua azpimarratu dute, euskararen aldeko konpromisoa berritzeko lehen urrats gisa.

Horretarako, aldizkariaren zati handi batek hizkuntzari buruzko edukiak biltzen ditu. Bertan bildu dituzte euskararen diagnosia, jarduera-plana eta herritarren eskura dauden baliabideak. Gainera, adituen eta herriko elkarteen ekarpenak, Astigarragako hizkera bereziari buruzko testuak, euskalkiaren inguruko bertsoak eta Jon Aleman Realeko entrenatzaileak euskararekin izan dituen bizipenak ere ageri dira.

Petritegi sagardotegiaren 500. urteurrena

Euskarari eskainitako atalaz gain, 76 orrialdeko edizioak herriaren historiari eta eguneroko bizitza sozialari lotutako artikulu ugari ditu. Besteak beste, Petritegi sagardotegiaren 500. urteurrena eta Joxe Joakin Otaño sagardogilearen ibilbidea jorratzen dira. Halaber, Argindegi Zar baserriaren historia, baserrietako emakume esne-saltzaileen lana eta burruntziei zein sorgin-orratzei buruzko artikulu bitxiak ere aurki daitezke.

Aldizkariak elkarrizketa ugari ere bildu ditu aurtengo zenbakian, besteak beste, Eduardo Aguado farmazialariari, Patas atabalariari, Malen Barrenetxeari eta Alberto Arizkorretari egindako solasaldiak.

Argitalpenaren arduradunek azpimarratu dute urteko aldizkaria herritar askoren lan boluntarioari esker egiten dela, eta Tximelaren eta Kutxabanken ekarpen ekonomikoa eta Astigarragako Udalaren laguntza ere nabarmentzen dute, lankidetza hitzarmenaren bidez jasotzen baitute babesa.

Bestalde, herriarekin duten komunikazioa indartzeko asmoz, elkarteak bere webgunea berritu duela jakinarazi du, diseinu eta egitura erakargarriagoa emateaz gain, edukien zabalkundea erraztea izan baita helburua. Sare sozialetan ere jardunean jarraitzen dute, @astigarragaaldizkaria kontuaren bidez.

Aurtengo alea uztailaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dute herritarrek. Goxua, Valella eta Ogiberri okindegietan, baita Maika kafetegian ere, banatuko dute aldizkaria, eta jasotzean borondatezko ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango da.