Hernanin San Joan jaiak iragartzeko Preludioa ospatuko da
San Joan jaiek gertuago daudela, larunbatean Hernanin ospatuko dute Preludioa, jaien atariko ekitaldi nagusietako bat. Sanjoanen 31. iragarpen kontzertua 22:30ean hasiko da Gudarien plazan, eta euria eginez gero Atsegindegin egingo dute. Karla Ferreño eta Aritz Zerain izango dira aurkezleak.
Urtero bezala, ekitaldiak herriko musikari, bertsolari eta kultur eragile ugari bilduko ditu, San Joan jaien hasieraren aurreko giroa berotzeko. Aurten, Preludioak bi ardatz berezi izango ditu: Jose Manuel Lujanbio (Txirrita) bertsolariaren figura eta Ereñotz auzoko festak.
Diziplina artistiko ezberdinak
Kontzertuak hamabi pieza bilduko ditu, eta parte hartuko dute Jorge Pachecoren zuzendaritzapean arituko den Musika Bandak, Kristina Solano trikitilariak, Eli Pagola bertsolariak, eta Ttarla dantza taldeak, besteak beste. Ikuskizuna diziplina artistiko ezberdinen uztarketa izango da.
Aurtengo Preludioan, Akelarre taldeak ere parte hartuko du, 40 urte betetzen baititu aurten.
Oroimena eta inklusioa
Kontzertuak oroimena eta inklusioa ere landuko ditu; Txirritaren omenez ez ezik, 1936ko gerran fusilatutako herritarrak eta Migel Lujanbio ere gogoan izango dituzte.
Ekitaldiaren aurretik, ekainaren 12an, Preludio Txikia egingo dute gaztetxoek, 19:00etan Gudarien plazan.
